You are currently viewing Haizea Wind Groupek helburuak bete eta 400 milioi euroko fakturazioa gainditu du egungo ingurune konplexuan

Haizea Wind Groupek helburuak bete eta 400 milioi euroko fakturazioa gainditu du egungo ingurune konplexuan

  • Egungo testuinguru geopolitiko eta merkatu-ingurune konplexuan eta Asiako lehia gorakorraren mehatxupean, taldeak % 12 gehitu ditu salmentak 2025ean
  • 20 milioi euroko irabazi garbiak izan ditu, % 11ko hazkundearekin
  • Industria eolikorako osagai handien fabrikazioko Europa mailako erreferentea izanik, Haizea Wind Groupek negozio-kopurua ia hirukoiztu du azken bost urteotan
  • Horrela, hazkundea finkatu eta giltzarrizko osagaitzat posizionatu da Europako independentzia energetiko eta subiranotasun industrialerako
  • Haizea Wind Group bezero-zorroa sendotu eta kontratu berriak negoziatzen ari da lan-karga ziurtatu eta helburuak betetzeko

 

Bilbon, 2026ko apirilaren 16an. Haizea Wind Groupek plan estrategikoan eta negozio-planean ezarritako helburu ekonomikoak betez itxi du 2025eko ekitaldia, egungo merkatu-ingurune geopolitiko eta sektorial konplexu eta zalantzagarriaren barruan. Azken urteotan egindako inbertsioei esker, taldeak 416,9 milioi euroko salmentak izan ditu, aurreko urtean baino % 12 gehiago, eta 20 milioiko irabazi garbia, 2024an izandako 18 milioiko irabazi garbia baino % 11 handiagoa.

Emaitza horiek Haizea Wind Groupen jardueraren hazkundea sendotu eta Europa mailako erreferentetzat posizionatu dute industria eolikorako osagai handien fabrikazioaren arloan. Energiaren merkatua oro har eta bereziki sektore eolikoa pairatzen ari diren zailtasunen gainetik, nazioarteko posizionamendua indartu du egokitzeko gaitasunari esker eta eragiketa arloko sendotasunari esker, jarduerari eutsiz, lanpostuak mantenduz –1.500 profesional ditu– eta negozioaren jasangarritasuna bermatuz. Horren harira, taldea eskaera berriak negoziatzen ari da lan-karga ziurtatu eta helburuak betetzeko.

Haizea Wind Groupen hazkundearen sendotze hori azken bost urteotako salmenten bilakaeran ere islatu da: 129 milioi 2020an eta 400 milioi baino gehiago 2025ean, negozio-kopurua ia-ia hirukoiztuz aipatutako aldian.

“Egungo ingurune geopolitiko konplexuan, sektore energetikoa eta merkatu eolikoa Asiako lehia desleialaren mehatxupean pairatzen ari diren proiektuen geldialdiarekin, HWGn ezarritako helburuak bete eta hazkundearen goranzko joerari eutsi diogu. Gure apustua zorrotza eta fidagarria da, eta zenbakiek abalatzen gaituzte. Haizea garrantzizko osagaia da Europako independentzia energetikoa eta autonomia industriala lortzeko”, adierazi du Borja Zárraga Haizea Wind Groupeko CEOak. “Merkatuan dagoen tentsioa gorabehera, Haizeak 2026an lan-karga estaltzeko moduko kontratuak ditu, eta kontratu gehigarriak ixten ari gara datozen urteotarako egonkortasuna ziurtatzeko”, gaineratu du zuzendaritzako kideak.

Ekoizpen-unitateak

Ekoizpen-unitateei dagokienez, taldeak lau dibisio ditu beste horrenbeste lantegitan banatuta: Haizea Bilbao, offshore dorre eta zimendatzeetarako; Haizea Grupo WEC, burdinurtuzko osagai handietarako; Haizea Tecnoaranda, onshore dorreetarako, eta Haizea Breizh, offshore dorreetarako.

Bilboko portuan kokatutako Haizea Bilbao da hazkunderik handiena lortu duen lantegia, itsas-hondoan aerosorgailuei eusteko txertatzen diren XXL monopiloteak izeneko egitura handien fabrikazioari esker. Enpresak iaz amaitu zituen lantegiaren ekoizpen-gaitasuna handitzeko lanak, 250 milioi euroko inbertsioa tarteko, eta horrela, bere industria-gaitasuna ere indartu du, bezero-zorroa dibertsifikatuz eta taldea kontinenteko garatzaile eoliko nagusien bazkide estrategiko bihurtuz. Instalazioak errendimendu betean dituela, offshore zimendatzeetan espezializatutako Europako lantegirik aurreratuenetakoa da.

Haizea Tecnoarandaren (Aranda de Duero-Burgos) eta Araban zein Gipuzkoan lantegiak dituen Haizea Grupo WECen kasuan, jarduerari eta lanpostuei eutsi diete, eta Frantziako Brest hiriko portuan kokatutako Haizea Breizh izenekoa abian dituen proiektuak burutzen ari da.

Testuingurua eta plan estrategikoa

Energia-sorkuntzan zein industria-ekoizpenean gerra ekonomiko eta belikoen ondorioz nagusitu den ziurgabetasun globaleko egoeran, erregai fosilek ez dituzte bermatzen beharrezko segurtasuna, eskuragarritasuna eta egonkortasuna energiaren arloan. Europak baliabideak ditu, baita industria indartsua ere, energia berriztagarria sortu eta banatzeko, bereziki eolikoa, eta Asiako lehiaren mehatxu gero eta handiagoaren aurrean babestu behar du.

Testuinguru honetan, turbina eolikoek Europak erregai fosilak inportatzea saihestu ahal dute, eta Haizea Wind Group erreferentetzat posizionatuta dago 15 MWetik gorako aerosorgailuetarako osagaien fabrikazioan. “Beharrezko teknologia daukagu potentzia handiagoa duten 20 MWtik gorako turbinetarako XXL osagaiak fabrikatu ahal izateko, eta horrek indar komertziala ematen digu lehiakideei aurre egiteko”, ziurtatu du Michael Farenc Haizea Wind Groupeko CFOak.

Gobernantza eta Jasangarritasuna

Haizea Wind Groupek jasangarritasunaren arloan lan egin du iazko ekitaldian, talde osoaren ardatz estrategikotzat finkatuz. 2025eko gertaera nagusien artean, Haizea Wind Groupek karbono-aztarnaren kalkulua osatu du 1., 2. eta 3. irismenetan, % 100 berriztagarria den elektrizitatea kontsumitu du Espainian dituen instalazio guztietan, eta aurrera egin du neutraltasun klimatikoa xede duen Haizea ZERO planean. Gainera, taldeak ziurtagiriak eta aintzatespenak indartu ditu, EcoVadisen hobekuntzak eta Nazio Batuen Munduko Itunarekiko bat-egitea barne. Era berean, deskarbonizazio sakon eta egiaztagarrirako ibilbide-orria gidatuko duen SBTi-rekiko konpromisoa formalizatu du.

Bestalde, Haizea Wind Groupek garrantzizko aurrerapenak egin ditu gobernu korporatibo onaren arloan. Hartara, barne-batzordeak indartu ditu, arauak betetzeko sistema sendoagoa eta gardenagoa finkatuz, eta materialtasun bikoitzeko azterketa amaitu du CSRD zuzentarauaren arabera. Ekintza hauei esker, taldea gobernantza-estandar zorrotzagoan kokatu da, nazioarteko jardunbiderik onenekin lerrokatuta.